Teresa López de Munain. Bigarren Hezkuntzako filosofia irakaslea eta aktoresa
Behin betikotz, egungo emakume batek ama-sena galdu du, ingurukoek ez ikusiarena egiten dute nahiz eta adinagatik haurren zaintza esperientzia sendoa eduki ahal izan dutenetakoak izan, eta nik aholku bat besterik ez diot eskaini.
2026ko udaberriko eguraldi eguzkitsuarekin, eguerdian fruta dendara hurbildu naiz. Bazkal aurreko ordu bizia zen, dendan jende ilara luzea eta kaxan betiko neska bakarra, mantso. Ilaran, nire aurrean, hamar bat pertsona zeuden eta, nire ondoan, emakume gazte bat gauza gutxi batzuk eskuetan zituela; bere ondora joan-etorrika bere seme txikia haren aitaren altzoan. Aitak, bularreko aurreko euskarri batean bilduta, hilabete bat edo biko ume txikia zeraman; haurra negarrez eta aita hura tilin-talan mugituz, muxuka haurra kontsolatu nahian; ama, aldiz, ilaran zain aurpegi neutro batekin.
Haurraren atsekabea ikusita, esan nien: Zergatik ez duzu eskatzen ilaran aurreratzea, haurra negarrez dago, ulertuko dute. Neskak: Lasai, lasai. Nik: Ni, bai, lasai nago, baina ez zure semea. Neskak: Lasai. Eta ez besterik. Bere aurrean zeuden hamar pertsona inguru horietatik, ia denak jubilatu adinekoak, batek ere ez zuen sentsibilizazio seinalerik agertu. Haur baten negarrak odola irakiten jartzen du; nire odola bakarrik? Eta bere amarena ez?
Luze itxaron eta gero, iritsi da bere txanda; sei euro eta hogei zentimo. Limoi eta txanpinoi batzuengatik esfinge baten moduan ilaran egon zen, semea hartu eta bularraren ondora eraman ordez. Bitartean aitarekin komentatu zuen ea haurrak jan zuen bere orduan. Sabela erditu ondorengo handitasunarekin zeukan oraindik, baina bularrak txiki, ematen zuen haurra ez zela bere kontua. Lanetik irten, haurra eta aitarekin kalean elkartu lau txorrada erosteko, etxera joan baino lehen. Lehenbizi lana, gero egin beharreko detaileak, azkena haurra.
Tradizioko balioak buelta emanda daude, txo! Bikote harenak eta dendan zeuden beste atso eta agure zahar nazkagarri guztienak. Zibilizazio miseria galanta; badirudi gizatasunaren aurka txertatu zituztela. Amak haurraren negarrari erantzuten ez badio, eta inguruko zaharrek ere ez, noiz ezabatu da gure DNAtik zaintzaren programazioa?
Gure gurasoen garaian esaten zen lehenbiziko seme-alaba edukitzen dela norbere guraso izateko gogoagatik, hurrengoa lehenari anai-arreba emateagatik eta gero beste batzuk gehiago asko izateko bedeinkazioagatik. Etxean haurrez inguratutako mahai bat izateagatik. Ba al dago hor inor sen hau gorde duenik?
Iturria: Independentea.eus